Egindako erabateko proiektua Donostian

Jabeekin izandako lehenengo bileran oso argi geratu zitzaigun lehentasun nagusia banaketa on bat lortzea zela. Ideiak nahiko argi dituzte eta hori helarazi digute. “Espazio publiko” bat egon behar da, sukaldeak eta egongelak osatua (jangela bat ere egongo da). Elkarlotuta egon behar dira eta espazio bien arteko komunikazioa erraza izan behar da. Bestalde, logela nagusiak atseden hartzeko gunea, janzteko lekua eta bainugela izan behar ditu barne.

Nahi dugun banaketa lortzeko, gaur egungo tabikeen egitura nahikotxo aldatu behar da. Familia osoarentzako gune partekatu bat sortuko da sukaldea, egongela eta jangela bateratuz. Lagun eta senideekin elkartzeko lekua ere izango da. Sukaldea eta egongela kristalezko ate gidari baten bidez banatuko dira; horrela, beharrezkoa izatekotan, nolabaiteko pribatutasuna izango dute.

Pasabidean aurrera egingo dugu “eremu pribatura” heldu arte; logela bat eta bainugela bat aurkituko ditugu pasabidearen alde banatan, eta amaieran logela nagusia egongo da. Suite baten ideia hartuta egingo dugu, hala eskatu digutelako. Atseden hartzeko gunea, lanerako eremu txiki bat, janzteko lekua eta bainugela egongo dira.

Behin-betiko banaketa lortuta, lekuaren atmosfera landu behar dugu. Bezeroek esan digute “minimalistak” direla eta zuria atsegin dutela. Guk ulertzen dugu espazio soil eta landuen aldekoak direla, beraz, kontu handia izango dugu xehetasunekin, espazio xumeak baina detailez beteak lortzeko, espazio “sinplea” izan ez dadin. Horretarako oso garrantzitsua da materialak eta argiztatzea ondo aukeratzea. Etxe osoan emango den masa zuriari epeltasuna emateko, egur naturalaren tonuko zoladura jarriko da. Lurzoru osoan erabiliko da, baita bainugela eta sukaldean ere, eta horma batzuen panelatzean. Xehetasun moduan, etxeko habe gehienak ageriko hormigoiz utziko dira eta hori nabarmentzeko argi-zulo batzuk egingo dira.

Emaitza: etxebizitza eroso, zabal eta argitsua.