Guri buruz
Apalen sorburua gure ikuspegi berezia zabaltzeko premian bilatu behar da, espazioak bizitzeko eta barnealdeak proposatzeko daukagun ikuspuntua, hain zuzen ere. Apal markak berak ederki adierazten ditu gure izenaren bi alderdiak: apal batek duen funtzionaltasun praktikoa islatzen du batetik, baina baita guretzat oso garrantzitsua den jarrera apala ere. Izan ere, proiektuak egiteko garaian, apaltasun osoz errespetua erakutsi behar zaio espazioari eta bezeroaren nortasunari.
Apal denda-estudioak dakarren berrikuntzarik handienetakoa da bezeroari ez diola proposatzen joera edo estilo zehatz bat. Horren ordez, bildutako eskarmentuaren aniztasunean oinarritzen du bere dekorazioaren filosofia: barne diseinu eklektikoa, uztarketak naturaltasunez egiten dituena, eta bere baitan biltzen dituena emozioa, sentiberatasuna eta psikologia.
Bestalde, denda kontzeptua desberdina da Apalen. Horretan ere oso kontuan izan dugu bezeroa, aholkuak jasotzeko asmoarekin sartzen den pertsona hori eta lehen unetik etxean bezala sentitu nahi duena. Lokal hau ez da salerosketa ekonomikoak soilik egiten diren saltoki arrunten gisara proiektatu, hemen beste balio erantsi askori ere jarri diegu arreta. Horregatik, dendak berak etxe-giroa transmititzen du, geuri bizitzea gustatzen zaigun etxeetan eta, aldi berean, bezeroei proposatzen dizkiegun etxeetan suma daitekeen giro hori.
Hori dela eta, Apalek ez du izan nahi barrura sartzeak erreparoa ematen duen lokal hotz eta bizigabea. Alderantziz, goxoa eta atsegina izateko asmoa du. Egongelako sofetan eserita biltzen gara bezeroekin eta bertan artatzen ditugu, edo baita sukaldeko mahaian ere. Helburu bategatik funtzionatzen dugu horrela: gure bezeroek beldurrik gabe proba ditzaten gero euren etxeetan gozatu ahal izango dituzten altzariak. Pieza funtzionalak proposatzen ditugu, oso diseinu onekoak eta prezio eskuragarrian daudenak. Azken gai horri dagokionez, geure egiten dugu Terence Conran diseinatzaile britaniar handiak esandakoa: “Diseinuak diseinu deitzea merezi du mundu guztiaren eskura dagoenean, inolako bereizketarik gabe”.
Horrez gain, Apalek, kokatuta dagoen auzoko bizitzan eragile dinamikoa izateko eta auzolanean aritzeko asmoa dauka. Horregatik antolatuko ditugu erakusketak, liburu aurkezpenak eta bestelako ekimenak. Azken finean, kultur-bizitza aberatsa duen auzo honetako beste bilgune bat izan nahi baitugu.