Zer da moderno izatea?

Oso argi ez bagenu ere, gure hiztegian “edozein garaitan klasikoaren kontrako” gisa definitzen da “moderno” hitza.

Gaur egun, badirudi adjektibo bakarra nahikoa ez, eta adjektibo bikoitza erabili behar dugula zerbait definitzeko. “Minimal-chic” izan behar dugu, “hipster-moderno”, “nordiko-klasiko”… Baina “moderno-moderno” izateko (modernotasunaren punturik gorena), jarrera globala eta ezberdina izan behar da bizitzarekiko. Bada, gaur, “moderno-moderno” horiei buruz hitz egin nahi dugu.

Frida Kahlo eta Diego Riveraren etxe-estudioa. (Mexiko Hiria)

Bi eraikinek osatzen dute etxea, etxe bakoitzak etxebizitza eta sormen-estudio bana duelarik. Etxe biak elkarrengandik erabat independenteak dira baina, aldi berean, teilatuak zubi bidez lotuta daude.

Le Corbusier inspirazio iturri, Juan O’Gorman arkitektoa aitzindari izan zen etxeok eraikitzen (argiaren bila lanean beti). Ez soilik arkitektoa bera; bi artistak ere iraultzaile izan ziren eraikin horietan sortu eta bizitakoari zegokionez.

Lehendabizikoa, arkitektoa, egindakoengatik izan zen “moderno”: etxe horretan gertatuko zenera egokitu zuen proiektua, gauzatze-modu bitxiarekin gainera. Etxeak ahalik eta kostu txikienarekin eraiki zituen, hala ekonomiari nola denbora zein lanari zegokionez. Horrekin, Mexiko erabat tradizionala zen garai hartan erabat aitzindaria izan zen.

Frida Kahlo eta Diego Rivera “moderno-modernoak” izan ziren, bizi izan zuten harreman profesional eta sentimental erabat ireki eta malkartsuarekin une hartako pentsamendua irauli zutelako. Ez dezagun ahaztu joan den mendeko 30eko hamarkadaz ari garela.

Rem Koolhaas – Bordeleko Etxea

Kasu honetan modernotasuna bezeroaren beharraren ondorioa da. 90eko hamarkada bukaera: kotxe istripu baten ondorioz, proiektu honen sustatzailea gurpildun aulkian geratu zen betiko, mugikortasun arazoak nagusi izanik. Enkargua argia izan zen: etxeak bere mundua izan behar zuen, mundu oso bat. Baldintza funtzional, fisiko eta psikologiko zenbait bete behar zituen, familia osoa elkarrekin bizi ahal izan zedin.

Logikoena (edo, hobeto esanda, ohikoena) izango zatekeen solairu bakarreko etxea eraikitzea, inolako oztoporik gabea, eta irisgarritasun baldintza guztiak zehaztasun osoz diseinatzea. Rem Koolhaasek, ohikoari muzin eginda, hiru solairuko etxebizitza bertikala proiektatu zuen. Bertikaltasun horretan, hormarik gabeko plataforma-estudioa izan zen erdigune-ardatza eta, igogailua bailitzan, etxeko hiru solairuak lotzeko aukera eskainiko zuen.

Beheko eta hirugarren solairuak, opakoagoak, familiaren gune pribatua izatera bideratuta daude; baina kale-mailako solairuak (beiraz erabat inguratua) leiho zabalgarriak zeharkatu eta lorategira irteteko aukera eskaintzen du, barnealde eta kanpoaldearen arteko jarraitutasuna bermatuta eta hain preziatu dugun askatasun sentsazioa loratuta.

XX. mende bukaerako elementu arkitektoniko adierazgarrienetakoa da etxe hau.